XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ihesa

Nire etxeko ate aurrean zeuden bi tipo estrainoek, zalantzaz begiratu ninduten portalean sartzekoan.

Disimulaturik lehenbizi astiro eta ondoren oso arin igo nituen eskailerak.

Etxean sartu eta atea ondo hertsi nuen.

Leihotik begiratu nuen: hantxe zeuden bi haiek.

Esku artean zuten sobre bat begiratu eta, ondoren neure leihorantz itzuli zituzten begiak, beraien artean zerbait komentatzen zuten artean...

Oheratu nintzen, baina ez nuen lorik hartu.

Ezinezkoa zitzaidan.

Gau erdian han segitzen zuten haiek.

Armarioan pasaportea bilatu nuen... hantxe zegoen.

Válido para todos los países del mundo.

Zein ote zen Euskaditik urrunena zegoen herria? Kulumuta? Ba Kulumuta-ko mugan ikusi nuen neure burua, pasaportea aduanakoei luzatzen... Ezin nuen etxean segitu.

Ez nekien zergatik, baina neure atzetik nituen, azken asteotan, tipo haiek eta tipo haiek bezalakoak.

Portalean, autobusean, lantoki aurrean, fubolara joatekoan... Beti neure urbiltasunean nituen.

Gaueko hiruretan azken agurra egin nion etxeari eta, isil-isil, etxeko atzealdean zegoen atetik irten nintzen, boltsa urri batean erropa batzuk presaka sartu ondoren, kalearen iluntasunean bizi-bizi ibiltzen hasi nintzen, baina beste haien urratsak atzetik sentitu nituen berehala.

Kotxera sartu nintzen oso urduri, ia kontaktoa ematen asmatzen ez nuela.

Mugarantz jo nuen.

Ausarti galanta zen mugatik pasatzea baina ez nuen oztoporik izan pasatzeko.

Arnasa hartu nuen, trankilago... Baina Baionako ingurutan, Anglet-en zehazki, bi tipo estraino haiek ikusi nituen, kotxeari segika.

Orduantxe hasi zen ametskaitz luze eta amaigabekoa.

Ihes egitea eta tipo haiek atzean uztea izan zen, gau eta egun, nire helburu bakarra.

Europa osoa pasa nuen, Turkia ere mutur batetik bestera, Iran atzean gelditu zuen... baina tipo haiek nire itzala bihurturik nituen.

Asia-n zehar segitu nuen, itsaso hasarreak pasa, ito zorian.

Nire jarraitzaileak batzutan galdu nituela pentsatzen nuen, baina handik egun batzutara atzean nituen.

Nerbioek argaldu erazi ninduten eta ez nuen neure burua izpiluan ezagutzen.

Azkenik, Euskaditik herri urrunenera heldu nintzen.

Kulumuta, zion mugan ezarritako letreroak.

Orduan lepoan esku bat sentitu nuen.

Harrapatu naute! pentsatu nuen.

Horrela zen: bi tipoak hantxe nituen, irribarrez.

Egin ezazue niregan nahi duzutena, baina laster...!, esan nien.

Orduan sobre bat eman zidaten.

Harriturik, zabaldu egin nuen.

Buzoirik ez duzu portalean esaten zidaten artean, hauteskundeetarako propaganda pila atera nuen sobretik, tipo haiek alde egiten zuela, trankilak eta pozik.

Dena dela, ez diet neure botoa emango.